BUDA EXPLOTÓ POR VERGÜENZA (2007)
“Buda explotó por verguenza” filma
ikusi ostean, haurren eskubideen eta hezkuntzaren inguruan hausnartzeko
aukera izan dugu. Horrela, gure ustez ezinbestekoa da irakasle diren eta
izango diren guztiek pelikula hau ikustea, hausnarketarako bide ematen
baitu eta hezitzaile on batek jorratu beharreko gaiak lantzen baititu.
Filmari dagokionez, Baktayk, pelikulako protagonista den neska gazteak
hezkuntza bat jasotzeko eta eskolara joateko egunero borrokatzen duela
ikusi dugu. Modu honetan, merkatura joaten da etxean zituen arrautzak
saldu eta koaderno eta arkatz bat lortzeko.
Hala ere, arazo handi batek oztopatzen du bera eskolara joatea; emakumea
izateak, hain zuzen ere. Gizarte zeharo matxista batean bizi dira eta,
beraz, gizonezkoen boterea eta emakumezkoen zapalkuntza nabarmentzen
dira filmean. Gizonezkoek eskolara joateko aukera duten moduan,
emakumezkoek oztopo handiak dituzte eskolara joateko. Haien ustetan,
emakumeek ez baitute eskolara joateko eskubiderik.
UNESCOk (UNESCO, 2000) dioenez, guztiok dugu hezkuntza jasotzeko
eskubidea, baina ikusi dezakegu hori ez dela toki guztietan bermatzen.
Filmean emakumeei hezkuntzarako eskubidea galarazten zaie, eta gaur egun
oraindik ere haur askori hezkuntza bat jasotzeko eskubidea oztopatzen
diegula ikusi dezakegu. Beraz, argi dago lege honek dioena teorian oso
ongi dagoela, baina praktikan ez bada hori betetzen, ez dugula ezer
lortuko. Hortaz, gai honen inguruan hausnarketa bat egitea beharrezkoa
dela ohartzea ezinbestekoa da.
Bestetik, filmean ez da gurasoen presentzia handirik sumatzen. Beraz,
ondorioztatu dezakegu gurasoek ez dutela haurren hezkuntzan askorik
esku-hartzen eta garrantzi handiagoa ematen dietela lanari, familia
mantentzeari eta etxeari, ikasteari baino.
Gainera, ikusi dugunez, biolentzia eta gerraz inguratutako toki batean
bizi dira; Afganistanen, hain zuzen ere. Modu honetan, txiki-txikitatik
jarrera horiek ikasten dituzte haurrek, gurasoen eredua jarraitzen
baitute. Horrela, haurren jolas guztiak gerrari lotutakoak dira.
Agresibitatez betetako eremu batean bizi dira eta hori haien jarrera eta
izateko eran isladatzen dela ikusi daiteke pelikula honetan.
Bukatzeko, azpimarratzea gustatuko litzaigukeen esaldi batekin bukatzen
da pelikula: “Muerete, sino no serás libre” Hau da, askatasuna lortzeko
hiltzeko eskatzen dio Baktayen bizilagunak hari. Nahiko pelikula gogorra
iruditu zaigu, baina benetan gertatzen ari den egoera baten aurrean
gaude.
Comentarios
Publicar un comentario