PAUSOKA, INKLUSIOAREN BIDEAN






Aste honetan Pausoka Elkarteko Maiteder etorri zaigu hitzaldi bat ematera. Pausoka behar bereziak dituzten gurasoen elkartea da eta Maiteder guraso horietako bat da. Modu honetan, hauen helburua haurren beharrak asetzea eta beraien bizi kalitatea hobetzea da. Honekin batera, diru etekinik gabeko elkartea denez, hainbat ekintza antolatzen dituzte beraien seme-alaben integrazioa eta eskubideak lortzeko.


Maitederren hitzak oso aberasgarriak iruditu zaizkigu, gaur egungo errealitatea erakutsi baitigu bere esperientzia propiotik. Aimar izeneko haur bat du eta orain dela 7 bat urte Hernanira joan ziren bizitzera. Lehen Aspacera eramaten zuen semea, baina konturatu zen Aimar ez zutela kontuan hartzen toki askotan, baztertu egiten zutela, ez zegoela herrian integratuta, beste haurrek ez zutela bera ezagutzen, etab. Beraz, bazterketa sozial horri buelta emateko askoz, herriko eskola publikora eramatea erabaki zuen.


Baina gauzak ez ziren hain errazak izan eta gaur egun dagoen punturaino iristeko gogor borrokatu behar izan du. Izan ere, lehenik aukeratu zuen eskola publikoak ez zuen Aimar eskolan onartu nahi izan, Maitederrek baliabide guztiak Berritzegunetik eduki arren. Beraz, beste eskola publiko batera eraman eta bertan plazarik ez zenez gelditzen, azken eskola batera joan zen bere semea eskolaratzeko eskatzen.


Zorionez, azken eskola honetakoek semea ilusio handiz hartuko zutela esan zioten. Gainera, Maiteder irakaslea denez eta hezkuntzaren munduan dagoenez, Aimarren behar guztiak asetzeko behar zituzten baliabide guztiak lortu zituen. Gainera, esan daiteke eskola horrek izan duen jarrerak Aimarren eta Maitederren bizitza zeharo aldatu duela eta hori izan beharko litzatekeela eskola guztien jarrera. Honekin batera, eskola horretako zuzendariak, irakasleek eta baita familiak ere jarrera oso irekiak eduki dituzte Aimarrekiko, beste haur bat bezala onartu dute eta komunitatearen parte sentiarazi dute, inoiz lehen sentiarazi ez zen bezala.


Aipatu bezala, Maitederren zenbait baliabide aipatu zizkigun. Gehienak Berritzegunek proportzionatzen zizkion; besteak beste, Aimarren mugikortasuna ahalbidetzen zuten gurpildun eserlekuak. Hala ere, eskolatik kanpo ere beste zenbait baliabide behar zituen, hala nola, fisioterapeutarekin saioak. Arlo honetan Maiterrek argi utzi zigun gizarteak eta udaletxeak baliabideak ezartzen izugarrizko huts egitea egiten zuela. Izan ere, Aspace itunpekoa zen, baina ekonomikoki gastu hori egiteko gai ez diren eta Aimar bezalako haur bat duten familiek; haurra eskola publiko batean eskolarizatu behar dutenak nahitaez, etengabeko borrokan ari da bere seme-alaben eskubideak urratu ez dadin.


Dakigunez, haur guztiek eduki behar dute eskolara joateko eskubidea, eta ikusi daitekeenez, errealitatean arazo asko azaltzen dira zenbait eskolen aldetik; azken finean, behar adina baliabide ez dituztelako. Horrela, gaur egungo errealitatea ikusita, kasu asko ezagutu ditugu non familiek amore eman behar izan dute beraien seme-alabak eskolaratzeko prozesuan. Beraz, kasu hauek haur batzuk gizarte zibileko bizitzatik isolatzea eragiten dute.


Era berean, ikusi daiteke Aimar onartu ez zuten eskolan Maitederrek eskolarekiko zituen espektatibak zeharo puskatu zirela. Gainera, eskolak egiten duenak familien bizitzan bizitza osorako eragina duela azpimarratu behar dugu.


Honez gain, Aimar lehenengo aldiz eskolara eramatean, familiari zenbait gauza etorri zitzaizkion burura. Adibidez, nola aurkeztuko zuten Aimar eskolan? Eta gainerako familiei zer esango zien? Ondorioztatu dezakegu kezka hauek oso ohikoak izaten direla familia hauen kasuan, gainerako pertsonek aurreiritziak izango dituzten beldurrez.


Bukatzeko, ikusi dugu guzti honen sinkronizazio egokiak Aimarren inklusioa bermatu du. Beraz, argi geratu zaigu irakasle izango garen heinean gure rola eta jarrerak funtsezkoak direla. Horrela, ezinbestekoa izango ditugu irakasleon prestakuntza eta etengabeko formazioa, komunitate osoaren prestakuntza eta baliabide materialak edukitzea. Horrela, egoera hauetarako prestatu beharko ditugu irakasle, familia zein komunitate osoa. Honekin batera, jarrera irekia eta malgua izatea oso garrantzitsua da, egoera berrietara moldatu beharko baikara, eta eskolan haur guztien beharrei erantzuteko egokitzapenak egin beharko baititugu.

Resultado de imagen de pausoka elkartea


Comentarios

Entradas populares