GIZARTE ERALDAKETARAKO JARDUNALDIAK: ARTEA GIZARTEA ERALDATZEKO TRESNA GISA
Egun hauetan gizarte eraldaketako jardunaldiak izan ditugu, “Artea gizartea eraldatzeko tresna gisa” izenekoak. Tailer hauen helburua, Ekialde Hurbileko, eta bereziki Palestinako biztanleria errefuxiatuak jasaten duen egoerari buruzko aurreiritzi kulturalak eta genero aurreiritziak apurtzea izan da. Horrela, UNRWA Euskadik gizartea eraldatzeko metodologia artististikoak lantzeko jardunaldiak proposatu dizkigute.
Lehenengo egunean, EAEko zein Palestinako gizarte eraldaketarako adituek zenbait hitzaldi eskaini dizkigute, bai bertan bizi duten egoerari buruz informatzen bai hemen palestinar errefuxiatuei laguntza emateko eta gizarte laguntzako programei buruz informatzen.
Bigarren egunean, berriz, talde txikietan banatu gara eta bertan, tailer praktiko ezberdinak burutu ditugu. Hiru tailer mota zeuden; antzerkia, ipuina eta komikia. Hauetan guztietan, giza eskubideetan oinarritutako genero ikuspegia azpimarratu nahi izan dute. Jarraian azalduko ditugu tailer bakoitzean zer ikasi dugun eta haur hezkuntzan nola landu ditzakegun.
KOMIKI TAILERRA
Tailer honetan, komikiak artea lantzeko modu aproposak direla ikusi dugu haur hezkuntzan. Lehenik eta behin, guk komikiekin izan ditugun esperientziak partekatu ditugu, eta konturatu gara txiki-txikitatik marrazteko aukera mugatu izan digutela eskolan. Hau da, marrazten onak diren haur edo ikasleei marrazten jarraitzeko aukera ematen zaie, baina marrazten oso ongi moldatzen ez diren haurrei berehala mozten die marrazten jarraitzeko ilusioa. Beraz, haur hauek txiki-txikitatik marrazteari uzten diote. Arrazoi hori dela eta, etorkizunean gure jarrera ezinbestekoa dela ikasi dugu, eta haur guztien saiakera eta marrazki guztiak onartu behar ditugula. Azken finean, haur bakoitzak marrazteko modu ezberdin bat du.
Honez gain, komikien bidez haurrek barruan dutena ikus dezakegunaz ohartu gara. Askotan, komikia hitz egiteko aukera bat izan daiteke, haurrek beraiek bizi edo sentitzen dutena konta eta marraz dezaketelako eta, beraz, informazio asko eman ditzakete hauek. Hortaz, gure egitekoa hauek ongi interpretatzea izango da.
Honekin batera, gizarteak inposatutako estereotipoak hausten lagun diezaiekete haurrei, komikien bitartez rol ezberdinak ikusteko aukera izango baitute, hala nola, neska superheroia, bi ama dituen haurra, etab. Horrela, enpatia izaten laguntzen diote haurrei, eta baita baloreak ikasteko ere. Komikiak haur hezkuntzan inklusioa sustatzeko tresna baliogarriak izan daitezke.
Pertsona kritikoak eta kontzienteak bihurtzen laguntzen dute ere, eta sentsibilizaziorako eta gizarte aldaketarako balio dutela ikusi dugu. Azken finean, gizartearen ikuspegi globala ikustea ahalbidetzen dute eta hori gizarte eraldaketarako baliogarria da. Gure kasuan, Ekialde Hurbileko, eta bereziki Palestinako biztanleria errefuxiatuak jasaten duen egoerari buruzko aurreiritzi kulturalak eta genero aurreiritziak apurtzeko aukera eman digute.
Azkenik, irakurzaletasuna sustatzeko aukera ematen dute. Komikiek ahalmen handia dute haurrak erakartzeko eta sormena garatzen laguntzen die.
ANTZERKI TAILERRA
Taldeko beste partaide batzuk antzerki tailerrean egon ginen. Tailer honetan emakume eta gizon bat ziren arduradunak, haien izenak ez ditugu gogoratzen. Tailerrerako zapata pareak ekartzeko eskatu ziguten. Hasieran, joko desberdinak egin genituen elkar artean ezagutzeko eta lotsa galtzeko. Ondoren, antzerkiaren sekuentzia desberdinak prestatzen hasi ginen. Antzerki honen helburua Palestinako errefuxiatuen bizi egoerei buruz kontzientziatzea da.
Lehen sekuentzian zapatak erabili genituen, eta zapatak maite genuen zerbait bilakatu ziren. Palestinar errefuxiatuek egiten duten ibilaldia erreproduzitu genuen, makala eta neketsua. Haiek bertatik ekartzen dituzten gauzak nola bidetik utzi behar dituztela adierazi genuen antzerki bidez; Palestinako itsasoak oso kontaminaturik daudela, medikura joateko eman behar duten ibilaldi luzea… Gauza asko antzeztu genituen eta ensaiatzen ginen heinean sentimendu desberdinak agerrarazi ziren gure artean.
Tailer amaieran, komiki eta ipuinetakoak etorri ziren gimnasiora eta denon aurrean egin genuen antzerkia. Oso polita eta erreala geratzeaz gain, hainbat iritzi entzun eta gero, konturatu ginen gutako askok ez genekiela Palestinarren inguruko gaur egungo egoera. Hau entzuteak oso harro sentiarazi zigun, eta aldi berean, triste.
Oso gustura ibili ginen antzerki tailerrean, nahiz eta larritu beharreko egoera bat antzeztu, oso ondo pasa genuen; lotsa galdu eta lagunei antzeztu egin genielako.
IPUIN TAILERRA
Aipatzeko falta zaigun azken tailerra ipuinena da. Tailerraren izena “Contar para ser, ser para contar” zen eta Ana Apika izan zen arduraduna, nor AEDAko (Asociación de Profesionales de la Narración Oral en España) kide den. Apikak gidaturik hainbat jarduera egin genituen narrazio jariakor eta arin bat nola egin lantzeko.
Apikaren izaera xelebre eta egin behar genituen ariketa dinamikoei esker, laster danok eroso sentitu ginen tailerrean eta lotsa pixka bat galtzea lortu genuen kontaketa jarduerak naturalago eta errazagoak eginez. Aurkezpenak, bizipenen kontaketak eta ipuinaren kontzeptuaren hausnarketak Apikaren komentario eta zuzenketekin batera, ipuina zein tresna eraginkor eta garrantzitsua den ulertarazi egin zigun eta honen erabilpen ona egiteko hainbat trikimailu irakatsi zizkigun. Hasieran istorioarekin erlazionatutako sarrera txiki bat egiteak, gorputzaren bidez transmititzen duguna, intonazioa, segurtasuna, entzulea identifikatua sentitzea eta amaiera asebete baten garrantzia besteak beste.
Orokorrean, tailerra aberasgarria eta dibertigarria iruditu zitzaidan. Narrazioetan ohiz egiten ditugun akatsez kontzientzia hartu eta orain, Apikak emandako gomendioei esker, haiek ekiditeko gai izatea espero dut. Horrez gain, ipuinak haurrek gustuko duten erreminta oso eraginkorra da eta narrazio on bat egiteko gai izatea funtsezkoa da ekintza guztiontzat atsegina izateko. Horregatik, behar-beharrezkoa da praktikatzea jarduera honek eskaintzen dizkigun onurak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
ONDORIO OROKORRAK
Ondorio bezala, esan dezakegu orokorrean oso baliagarriak izan zaizkigula gizarte eraldaketarako jardunaldi hauek. Lehenengo eguneko hitzaldiei dagokienean, esan beharra dugu zenbait hitzaldi baliagarriak izan zaizkigun moduan, beste hitzaldi batzuk astun samarrak iruditu zaizkigula. Azken finean, hitzaldietako formatuak eragin handia du, eta ikusleen interesa piztu behar dute. Beraz, oso diskurtsiboak direnean pisutsuagoak izaten dira, eta zerbait konkretuagoak direnean eramangarriagoak izaten dira. Gainera, lekuak ere asko baldintzatzen du. Leku aproposa izatea ezinbestekoa da. Talde txikietan egotea aberasgarriagoa da, parte-hartzea sustatzen duelako.
Hala ere, hitzaldiek Palestinako egoeraren berri izaten lagundu digute. Egia esan, bagenekien zer gertatzen ari zen bertan, baina ez genekien ongi zein punturaino. Beraz, tailer hauen bitartez zeinen garrantzitsuak garen ikustarazi gaituzte; azken finean, zein garrantzitsua den gure jarrera aktiboa injustiziak salatzerako orduan eta gizartea aldatzen hasteko. Horrela, komunikatzeko eta egoerak salatzeko artea erabil dezakegula irakatsi digute. Injustizien aurrean ahotsa da tresna nagusienetarikoa, baina artea ere oso baliagarria izan daitekeela ohartu gara. Adibidez, komikia, antzerkia, ipuinak erabiliz eta sortuz, etab. Honekin ondorioztatu dugu Palestinako haur batentzat amets gaizto bat dela eskolara joatea egunero, eta errealitatea nolakoa den erakutsi digu.
Bestetik, bigarren eguneko tailerrei dagokienez, oso gustura sentitu gara, dinamikoagoak izan direlako. Honekin batera, artea eta hezkuntzaren arteko loturak argiago ikusi ditugu eta, horrela, haur hezkuntzan artea modu ezberdinetan landu dezakegula ohartu gara eta honek duen garrantzia ikusi dugu. Etorkizunean, irakasle izango garen heinean, tailer hauetan ikasitakoa martxan jartzeko interesa piztu zaigu eta, beraz, horrela egingo dugu.
entrevistas sobre el empoderamiento de la mujer. El taller práctico me
Comentarios
Publicar un comentario